XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

TXORITXOARI MOKOKA

Argi-zopa Subi-pilean

Argiñanok telebistan izandako arrakasta ez du profesional askok ezagutu.

ETBtik Telenortera eta hortik Espainiako Telebistara heltzeko egin duen karrera mutiko azkarren esku besterik ez dago.

ETBn utzi zuen hutsunea beste sukaldari handi batek bete du, estilo desberdin batekin: Pedro Subijana.

Jatea erraz lortu ahal dugun berehalako plazerra da pertsonentzat, eta horrexegatik, Argiñano edo Subijana entzutea atsegin zaigu.

Baina bien artean dauden desberdintasun nabarmenenetakoak aztertuko ditut jarraian.

Ama guztiek semetzat izan nahiko luketen gizona da Argiñano, eta Subijana, berriz, suhia.

Argiñanok ondo ezagutzen du bere audientzia eta aholku eta mezu guztiak etxekoandreei zuzentzen dizkie.

Pedro Subijanak, bere aldetik, diskurtso askoz zabalagoa igortzen digu bere sukaldetik.

Pedroren itxura dandy heldu batena da, eta Karlos ikustean, 70eko hamarkadako play-boy-ak datozkit burura.

Bata dotoreagoa eta bestea informalagoa direla dirudite zentzu guztietan.

Gozo hitz magikoa hiru aldiz errepikatu ondoren telebistak duen sekretua agertu zitzaigun Argiñanoren ahotik.

Gozo, gozo, gozo esanez imitatu baitiote kate guztietako umoristek etengabe.

Ez da txantxetarako.

Subijanaren hizkuntza askoz serioagoa da, ostera, eta batzuetan pedantetsuagoa izateagatik ere, bi formula desberdin horiek erabilgarriak gertatzen dira telebistarako.

Azken finean, errezeta bat prestatzeko orduan ezinezkoa da niretzat inor aspertzerik.

Umorearen erabilerak erabat desberdintzen ditu biak.

Argiñanok ez du saio bakar bat bera ere txisteren bat kontatu barik pasatzen uzten, baina bestearen umorea sekretua da.

Dirudienez oso pertsonala da, eta hobeto ez ezagutzeak ez du konparaketarik ametitzen, beharbada.

Teknika aldetik, biak oso garbiak dira sukaldean.

Hala ere, zarauztarrak denok ditugun atzamar beteekin dastatzen ditu bere plater maiteak, eta donostiarrak batzuetan erabiltzen duen tresneria, berriz, ez da normalean guk etxean gehien erabiltzen duguna.

Bien programak grabatuak dira, baina Argiñanori ez zaio errealitate soziala gogoraraztea inoiz ahazten, muskuilu janak, marea beltzak eta Soltxagaren krisiaren eraginak aipatuz beti ere.

Horrelako erreferentzien bitartez, askoz sinesgarriagoa egiten da programa egunetik egunera egiten den sentsazioa.

Platerak aukeratzeko orduan, azkenik, Subijana askoz sofistikatuagoa izaten da.

Prezioen kontra duen borrokaren barruan, plater arruntak erakusten ditu Argiñanok.